07/2020 agm-k EHU-k antolatutako uda ikastaroan parte hartu du

Gure eraikinen birgaitze energetikoen beste ondorioak: argiak eta itzalak

Bizitegi eraikinen nahitaezko birgaitze energetikoaren gaia presente dago gure herrien eta hirien egunerokoan. Gero eta gehiago dira aldamioz estalitako fatxadak, eta horien birgaitze lanak «boom» berri bat sortzen ari dira eraikuntzaren sektorean. Ondorioz, eraikin ugari askotariko azal berriez ari dira estaltzen, eta haien irudia aldatzen ari da behin betiko.

Testuinguru horretan, ordea, galdera asko sortzen dira: Zer egiten ari gara? Nola egiten ari gara? Norantz goaz? Benetan baliagarriak eta eraginkorrak dira planteatutako konponbide asko? Egungo araudiek haren eraginkortasunean laguntzen dute? Zer interbentzio maila behar da eraikuntza tipologia bakoitzean? Nolako eragina izaten ari da erdigune historikoen eta kanpoko auzoen eraldaketan? Nolako eragina du katalogatutako eraikinetan edo ondaretzat hartutakoetan? Zer zeregin bete behar du prozesuan parte hartzen duen eragileetako bakoitzak (jabea, administrazioa, arkitekturaren profesionalak, eraikuntza enpresak, etab.)? Edo, erabiltzaileen ekonomian honek izango duen eragina kontuan hartuta, haien iritzia aintzat hartzen da? Nahikoa dirulaguntzak daude? Gizarte ondorioak ditu? Galdera asko, azken batean, eta zalantza bat: guztiei erantzuteko nahikoa gogoeta egin ote dugu.

Udako ikastaro honek energia efizientziari lotutako datu hotzak eta ohiko ikuspegi teknikoa albo batera utzi, eta eztabaida eta gogoeta gure eraikinen birgaintzeen arloan izandako beste ondorio batzuetara eraman nahi ditu, eskuarki aipatzen eta lehendik pentsatzen ez diren horietara, hain zuzen ere. Azken batean, argiak ez ezik, ilunak ere hizpide izango ditugu.